Erdi Aroko Ikerlanen Nazioarteko Asteak berrogeita hamargarren edizioa beteko du 2024an, eta haren akta-zerrenda luzeak ezagutzari, prestakuntzari eta hiri zoragarri honen zabalkundeari egin dion ekarpen itzelaren lekuko irmoa da. Horrelako urtemugek gogoeta egitera gonbidatzen dute, besteak beste; eta bereziki gure lan-arloari, ikerketa-helburuei, ikerketaren ortzi-mugari buruz gogoeta egitera. Baina gizarteak gure eginkizunaz duen usteari buruz, gure lanari duen harrerari buruz, transferitzeko, irakasteko eta gizartean proiekziorako dauden moduei buruz hausnartzera ere bai. Laburbilduz, gaur egun dugun gai- eta arazo-aukera zabalari buruz. Horri zor zaio aurtengo Astearen izenburua, berrogeita hamargarren edizioa egingo den honetan, hein batean behintzat, jakin-nahi horiei begira jarri nahi baikaitu. Hortik dator galdera –galderarik gabe ez baitago ikerketarik–: Zer Erdi Aro gaur egun? Alegia, zer egiten dugu Erdi Aroan adituak garenok, zerk kezkatzen gaitu, nola eta nori transmititzen diogu hori? Nola egiten diegu aurre ikerketaren erronkei? Asmoa ez da berrikusketa historiografiko bat egitea, baizik eta hainbat errealitateren –eta dagozkien erronken– aurrean jartzea, neurri handi batean, Historiaren beste alor batzuk ere blaitzen baitituzte. Eta eszenatokien, askotariko publikoengana iristeko moduen eta eraikitzeko moduen aniztasuna behatzea. Horrela diseinatu dira egitarauaren oinarrizko hiru blokeak: zer erronka global, zer ikerketa-bide berri, zer publiko. Helmuga bat beraz, baina, zalantzarik gabe, bidea urratzen jarraitzeko gogoeta bat ere bai.