Erdi Aroan, gobernatzea boterea erabiltzea baino askoz gehiago zen. Horretarako beharrezko legitimitatea egiaztatu beharra zegoen, baina gaitasun eta prestakuntza egokiak izatea ere garrantzitsua zen. Kontu mekaniko edo hertsatzaile hutsa izan beharrean, Erdi Aroko gizarte-formazioen gobernua faktore kulturalek eta praktika sozialek erabat baldintzatzen zuten, gobernarien erabakiak bideratzen baitzituzten eta balorazio-kuota desberdinak ematen baitzizkieten. Gaur egungo historiografiak hainbat ikuspuntutatik landu du arazo hori, eta, horri esker Erdi Aroko gobernu-sistemen interpretazioa berritu eta beste gizarte-zientzia batzuekin elkarrizketarako bide garrantzitsuak ireki dira.
Lizarrako Erdi Aroko Ikerlanen Nazioarteko LII. Asteak Erdi Aroko gobernu-sistemen azterketan gaur egun dauden espezialistarik nabarmenenetako batzuk bilduko ditu eta hizlariek hainbat ikuspuntutatik helduko diote gaiari euren hitzaldietan. Gobernuaren, haren eragileen eta haren eraginen inguruan dauden teoriak, praktikak eta pertzepzioak izango dira saioen ardatz eta, ibilbide horretan, monarkia feudalen, tokiko erakundeen (bai hiri-ingurunean, bai landa-ingurunean) eta parlamentu-batzarren inguruko gaiak jorratuko dira, islamiar eta bizantziar eremuak ahaztu gabe. Helburua Erdi Aroko historiaren gai klasiko bati lotutako iragana interpelatzea da, iraganeko kontua izan arren galdera berriak eta eztabaida interesgarriak sortzen jarraitzen baitu.